2008/05/07

HARAGIA


EIDER RODRIGUEZ
SUSA .- 2007

“Eta handik gutxira gaur” izan zen Eider Rodriguezen ( Errenteria, 1977 ) lehendabiziko liburua, ipuin bilduma hura ere. Liburu bat gustura irakurtzen dugunean idazlearen hurrengoaren zain egoten gara eta aurreiritziak ere sortzen ditugu: gutxienez maila berbera exigituko diogu egileari. Baina “Haragia”k ez digu hutsik egin. Liburua hamabi ipuinek osatzen dute eta guztietan pertsonaien sentimendu mundura eramango gaitu Eiderrek, gizon-emakumeon alderdi ezkutura.
“Sufritzen duen gizaki oro da haragia ” Elisabeth de Fontenay idazle frantziarraren aipua azaltzen da ipuin batean. Pertsonaia askok gordin, anker eta hotz jokatuko dute bizi duten errealitate gordin, anker eta hotzaren aurrean: langabeziaren, abandonuaren, hutsune afektiboek sorturiko oinazearen aurrean. Oinazea. Oinazeak gure baitara bihurtzen baikaitu, biluzten baikaitu. Pertsonaiek esaten ez dutena gorputzaren, haragiaren bidez adierazten dute. Bizitza da euren gaitzik ziurrena. Bizitza da gertatzen zaiena. Bizitza, besterik ez.
“ Imajina dezakezu norbere burua akabatzeko baliabideak jarriko balizkizu enpresa batek, asegurua edo hipoteka ahalbidetzen dizun bezala? “
Eiderrek badu bere estiloa. Bere idazkera, elipsiaren idazkera da: garrantzi handiagoa du ipuinetan esaten ez denak esaten denak baino, detaileek garrantzi handia dute pertsonaien egoera margotzeko. Lerro artean irakurri behar da. Erabat iradokitzailea da, izenburua eta azala bezalaxe.
Aizu! aldizkariaren Egimendi kazetariaren arabera, “ ipuin hauek gusturago irakurtzen dira bigarren aldian. Izan ere, lehenengo irakurketan garrantzirik gabeko detaile txikiak diruditenek esanahi handia hartzen dute ondoren.



Izaskun