2007/12/27

EGUBERRIETAKO OPORRAK DIRELA ETA, HIRU ETAPETAKO BIDAIA ZIRAGARRIA PROPOSATZEN DIZUT ORAINGOAN, IRAKURLE:

1940ko Autsbizeko Brunoren zanbulutik … “Zinbulu-zanbulu bat egiteko asmoa dut – esan zion Brunok-. Badakizu, pneumatiko bat eta soka mutur bat erabiliz, zuhaitz baten adarretatik zintzilikatzeko. (…) … eta ordu gutxiren buruan poz-pozik zebilen, pneumatiko zuloaren erdi-erdian jarri eta atzera eta aurrera, zinbulu-zanbuluka, huraxe beste ardurarik izango ez balu bezala munduan, eta huraxe izango ez balitz bezala bizi osoan kulunkarazi zuen zanbulurik deserosoena.” … 1936ko Garraitzetako Jonen zanbulura: …”Neguan kautxuzko gurpil bat aurkitu genuen, eta Katalinek eskolako baratzean ipini zuen, zuhaitz batetik zintzilik, zabu modura. Orain ez zegoen eskolarik, eta zabuak dantza egiten zuen haizearekin, andereñoaren mamuak handik urrundu nahiko ez balu bezala”…. Eta Jonen ametsetako arrautzatik: …”Hegazti bat agertu zen zeruan… antzara zen…Antzara putzuaren ertzean zegoen. Arrautza nabar bat errun zuen eta arrautza putzuan murgildu zen. Otu zitzaidan arrautza hark bazuela munduaren antzik, biak kraskatzear.”…Zorbasek bere amari zin eginik hegan irakatsiko dion kaioaren arrautzera: “…objektu hegalari ezezaguna hurbiltzen ari zen…Kaioa balkoian erori zen. Zikina, belzturik eta usain txarrekoa zen… Geratzen zaizkidan azken indarrekin arrautza errun egingo dut…Zin egiten dizut- esan zion Zorbas katuak.”


PIJAMA MARRADUNAZ JANTZITAKO MUTIKOA
John Boyne
Alberdania, 2007
Jhon Boyne idazle irlandar gaztearen liburu arrakastatsua dugu hau. Ahoz-aho transmititua izan da obra hau hogeita bat hizkuntzatan eta orain Mirentxu Larrañagak oso euskara ulerkorraz itzuli berri du Alberdaniarentzat. Argitaletxe berak kontra-azalean ez du istorioaren laburpen tentatzailerik egin nahi izan oraingo honetan “…oraingoan iruditu zaigu liburuaren irakurketa zapuztuko genukeela. Uste dugu garrantzitsua dela gaiaz ezertxo ere jakin gabe has zaitezen liburua irakurtzen”. Bat nator haiekin. Har ezazue bidaia hunkigarri honetarako txartela, Bruno bederatzi urteko mutikoa bidaide izango duzue: gozatu bere inozentziaz hesiaren bi aldetako errealitate gordinean.


URTEBETE ITSASARGIAN
Miren Agur Meabe
Elkar, 2007
2007ko Euskadi Gazte Literatur Saria jaso berria du Miren Agur Meabek obra honengatik, iazko lan onenetarikoa den istorio honek hamahiru urteko gazte bat du protagonista eta haren bidez ezagutu ahal izango dugu 36ko gerra. Jonek Brunok bezalaxe egoeraren latzak sorturiko une hunkigarriak bizi egingo ditu. Gertakari historikoak eta fikziozkoak nahasten dira gure gazte literaturan gutxitan landu den gaiaren inguruan.
Interesgarria gerta daiteke gaztetxo irakurlearen galderek etxean sor dezaketen hizpidea, liburu hau gurasoekin konpartitu daiteken irakurgaia baita.

KAIO BATEN HISTORIA ETA HEGAN EGITEN IRAKATSI ZION KATUARENA

Luis Sepulveda

Alberdania, 2007

Idazle txiletarrak 1996an “8 eta 88 urte bitarteko gazteendako” idatzi zuen eleberri hau euskaratu digu Jesus Mari Mendizabalek. Gizakiak bere esku duen eta hain gaizki kudeatzen duen natur ondarea kritikatu egiten du Luis Sepulvedak.

Animaliak ditugu protagonistak: Zorbas katua eta bere lagunak; Afortunada, marea beltzak akabatu zuen Kengah-en txitoa eta katua izan nahi duen kaioa; Hamburgoko etxarteetako arratoiak; Matias, tximino zaindaria. Hauek guztiek ikasi beharreko lezio bat baino gehiago emango digute antza xume bezain indartsua den nobela labur honetan.




Izaskun

No hay comentarios: