2007/12/27

DIORAMAK


DIORAMAK
Patxi Iturregi
Elkar, 2006

DIORAMAK .
Diorama, definizioz, bi aldeetatik irudiak margotuak dauzkan izara handia da, txandaka alde batetik eta bestetik argiztatzen dena eta iluntasunean dauden ikusleei irudi ezberdinak sortzen dizkiena.
Patxi Iturregi laudiotarraren hirugarren ipuin-bilduma dugu hau: guztira 66 ipuin laburrez osaturikoa, haietako batzuk oso laburrak, mikroipuinak direlarik.
Mezu txiki asko transmititzen dizkigu: absurduak, tragikoak, ironikoak, errealistak, kritikoak…Anekdota eta gertakari txikietan oinarritzen dira, egunerokoak izan daitezkeen gertaera, bizipen xume edo anekdotak dira, eszena solte errealista eta efektistak. Giza harremanak dira nagusi, une batez, ia konturatu gabe, okertzen direnak.
Nahikoa da kasualitate absurdu bat, garrantzirik ez duena irudiz, baina ikaragarrizko eragina duena dena hankaz gora jartzeko edo eguneroko bizitzaren ustekabe eta gordintasuna azalarazteko, errealitatearen alderdi ezkutuak biluzteko.
Pertsonaiak (errekonozitzen ez duten haur heroia; berri txarragoak nahiago zituen alaba; zapata zulodun pobreak; etxeko parasitoak; arrantzalearen emaztea…) une, eszena horietan harrapaturik gelditzen dira, ezagun eta ezezagunak diren mugen artean, segurtasuna pitzaturik kontrolaezina den bizitzaren ustekabean eta irakurleak parte hartu beharko du. Hain dira handiak elipsiak narrazio batzuetan non irakurlearen gain geldituko baita hutsuneak betetzeko ardura. Atea zabalik dago interpretaziorako.
Patxi Iturregik erabiltzen duen hizkuntza zuzena da, ez dago hitz bakar bat ere soberan; argia eta ulerkorra, dotorea.


DIORAMAK
Egilea: ITURREGI, PATXI

LITERATURA

ISBN: 84-9783-383-X 14,60 €

PATXI ITURREGI: "Zenbaitetan pentsatzen dut idazlea baino areago medium bat naizela"

Ipuingintzaren erakusleiho moduko bat da Dioramak, 66 ipuin laburrez osaturiko bilduma: pasadizo xehe eta anekdota ia ezdeusetatik abiatzen da, berariaz, apurka-apurka argumentu sendoago eta giro trinkoagoetara pasatzeko. Tartean, era guztietako istorioak: tragikoak eta komikoak, errealistak eta fantastikoak, psikologikoak eta absurdoak… Denetan ere, bere marka uzten du Patxi Iturregik: idazkera doi eta dotorea, erritmoa eta tonua guztiz menderatzea, soberako hitz bat bera ere ez uztea.

Izaskun

No hay comentarios: