2007/12/27

AMAREN ESKUAK



“AMAREN ESKUAK”.- Karmele Jaio.-Elkar.- 2006.

Karmele Jaio gasteiztarraren lehenengo nobela honek VII Igartza Saria, gazteendako antolaturik dagoen sari garrantzitsua, irabazi zuen.
Nerea, Luisa, Dolores, Lewis, Maialen, Xabier, German, Paulo, Karlos, Maite, Fidel.
Ospitalea, etxea, Izagirre jatetxea, faroa, egunkariko erredakzioa.
Ama-alaba arteko harremana: “amaren eskuak” , eleberrian behin eta berriz errepikatzen den txuri-beltzezko argazkia, ospitaleko izaren gaineko eskuak, amaren eskuak. Babesa, alabarenganako amaren babesa alderantzizko bihurtuko da. Alabaren ikuspuntutik jorratuko da istorioa, Nerea oso da sentibera eta bere sentimenduak azalduko zaizkigu: maitasuna, beldurra, pena, kulpa, ardura, malenkonia, tristura, amorrazioa, jakin-mina, eskerrona… pertsona eta egoera desberdinekiko sentimenduak izango direlarik. Nereak ezagutzen ez zituen bere amaren gauza asko deskubritzen joango da “behin eta berriz margoturiko armairuaren jatorrizko kolorea” berreskuratu ahala, “pintura-geruzak” garbitu ahala.
Bestaldetik, iraganera egingo duen bidaiaren tarteko uneetan bizitza eta lana, familia eta etxea ere uztartzeko ahaleginak erakutsiko dizkigu bere gaur eguneroko errealitatean, Nerea gaur egungo emakume, ama, emazte, alaba, etxekoandre, lagun, langilea baita. Ezinaren nekea.
Lehen eta orain aldia tartekatzen dira narrazioan elkarrizketa eta bakarrizketaz, esaldi labur eta hizkera argiz, ulerkorraz. Oso erraz,atseginez, irakurtzen den eleberri xumea dugu hau nahiz eta, beharbada, irakurlea hondorago joateko gogotan gelditu, erlazio horietako gosea ez ase.


ISBN: 84-9783-342-2 14,90 €



KARMELE JAIO: "Arazoen aurrean kikilduta bizitzearen kontrako garrasia da nobela"

Nereak 35 eta 40 urte bitartean dauzka; noizbait maite izandako lana baina egun estresaturik daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria, zeinei ez dien eskaintzen behar luketen arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik erauzi nahi lukeena; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko den jakin ezinik.


Izaskun

No hay comentarios: